XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Izan ere, A. Comte (1798-1857) filosofoak, 1930.ean, Eguzkiaren konposaketaren azterketa zientziaren arloko problema ebaztezintzat planteatu zuen.

Nolanahi ere, 1859.era arte ulertezinak ziren espektroak argitzen hasi ziren.

Izar baten espektro tipikoa ortzadarraren koloreak erakusten dizkigun banda bat da.

Tarteka azaltzen dituen marra edo banda ilunengatik ez balitz erabat jarraia dela esan genezake.

Marra ilunek falta diren uhin-luzera horiek zurgatzen duten elementuen presentzia adierazten dute.

Denok ezaguna dugu Eguzkiaren espektroan helioa, lehenengo aldiz, nola aurkitu zen, gero bere existentzia Lurraren atmosferan egiaztatu bazen ere.

Lehenengo kapituluan ikusi dugunez, espektroaren hondo argitsuak eskaintzen digun informazioarekin, gorputz beltzekin lanean ari baldin bagara, gorputzaren tenperatura erraz ondoriozta daiteke.

Izarrak ez dira gorputz beltz soilak baina, lehenengo hurbilketa bezala, onar dezakegu gorputz beltzak direla, beraz, hurbilketa hori erabiliz, izarraren espektroaren azterketatik berehalaxe izarraren tenperatura lortuko dugu.

Esan behar da, dena den, izarren tenperaturaz hitz egiten dugunean izarraren gainazalaren tenperaturaz ari garela.

Izarrak hain handiak izanik, guk ezin dugu inolaz ere beraien barrua ikusi, hortaz, barne-egitura ere kanpo-geruza aztertuz ondorioztatuko da.

Tenperaturari dagokionez, kanpoaldeko geruzaren tenperatura milaka gradu batzuetakoa den bitartean gunearena milio gradu askotakoa dela aurrera dezakegu.

Gorago esandakoarengatik gainazal-tenperatura horren kalkulua Stéfan-Boltzman-en legea aplikatuz egiten da.